You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK
Babeslea: Babesle: Iberdrola
Babeslea: Babesle: Iberdrola

Morandi eta natura hilaren tradizioa

Morandik Espainiako Urrezko Mendeko artearekiko zuen grina bat etorri zen garai hartan Italian bertako maisu nagusiak berraurkitzearekin. Roberto Longhi arte-kritikari eta
-historialariak, Morandik miretsi eta ondoren lagun izan zuenak, bere idatzietan arreta bildu zuen jada Diego Velázquez eta Francisco de Zurbaránen inguruan. 1930ean, Gli antichi pittori spagnoli della collezione Contini-Bonacossi erakusketaren komisarioa izan zen Longhi, Erromako Galleria Nazionale d’Arte Moderna-n. Contini-Bonacossi Antzinako Maisuen bildumak, Italiako handienak, maisu espainiarren multzo bikaina hartzen zuen, hauen pinturekin: Greko (Doménikos Theotokópoulos), Bartolomé Esteban Murillo, Velázquez eta Zurbarán. Katalogoko sarreran, Longhik nabarmendu zuen erakusketa oso garrantzitsua zela batez ere artista garaikideentzat, horrela azalduz hura Italiako arte modernoko museo nagusian gauzatzeko erabakia, eta Zurbaráni buruz esan zuen “onenetako bat izan zen formak argiaren bidez sortzen, Caravaggioren atzetik eta Cézanneren aurretik”; hala, artista “protomoderno”tzat jo zuen. Artistaren lanean eragina izan zutenen artean Longhik espainiarrik sekula aipatu ez arren, Morandik Espainiako Urrezko Mendeko artistekiko izan zuen interesa agerian geratu zen 1918–19 aldera Grekoren inguruan izan zen gertakari batean. Giuseppe Raimondi literatura-kritikariak azaldu zuenez, Morandiren etxera bisitan joan zen batean, Grekori buruzko liburu txiki bat ikusi zuen zabalik. Posta-zigilu baten tamainako Jasokundearen edo Deikundearen erreprodukzio txiki bat seinalatuz, Morandik aingeruen eta santuen oinetan zeuden lore batzuetara erakarri zuen arreta, eta honela esan zuen: “Ezein pintore modernok ez du horrelako lorerik pintatu. Renoirrek bakarrik beharbada…”. Modernotasunaren paradigma gisa, Morandik gertu sumatu zituen maisu espainiarrak.

Morandi: Incamminato berri bat

Roberto Longhi arte-historialaria 1934an Boloniako unibertsitatean irakasten hasi zenean, ikasgai orokor bat diseinatu zuen Boloniako Eskolako historiari buruz, Erdi Arotik une hartara arte. Hurrengo urtean, historia hori argitaratu zuen Momenti della pittura Bolognese izenburupean. Bertan zioenez, Boloniako pinturaren ezaugarri nagusia naturalismoaren interpretazio berehalako eta espresiboa da. Longhiren historiaren arabera, arte boloniarraren “heroiak” hiru Carracci anaiak izan ziren: Agostino, Annibale eta Ludovico. Carraccitarrak, XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendearen hasieran lanean jardun ziren margolari barrokoak, ezarritako tradizio artistikoetan oinarritutako pintura-estilo moderno baten buru izan ziren. Modu esanguratsuan, Giorgio Morandirekin amaitu zuen Longhik bere analisia, eta incamminato (bideratu) berri baten gisara deskribatu zuen haren lana: bide batean aurrera egiten ari denaren obra gisa. Era berean, Longhik nabarmendu zuen Morandik iragana ikertu zuela pintura modernoaren “lehortasun guztiz problematikoaren” barrena bere bidea aurkitzeko.

Margolariak ez zuen sekula jaioterriko artea modu esplizituan goraipatu. Alabaina, aurrekari barrokoak eta ondorengo beste eragin batzuk gertutik aztertu zituen. Seicento boloniarrak eguneroko bizitzan jartzen zuen arreta, eta haren alderdirik xumeenak irudikatzen zituen; hala, funtsezkoa gertatu zen genero-pintura Italian gara zedin, XVI. eta XVIII. mendeen artean. Morandiren lana, ordea, ez litzateke genero-pintura gisa sailkatu behar, elementu pintoreskoak ezabatzen baitzituen haren irudietatik, objektuak berak hobeto ulertzeko saiakeran; hala ere, esan liteke artistak italiar genero-pinturaren tradizioari erantzun ziola, eguneroko eszenak irudikatzen dituelako. Boloniako eta Italiako iparraldeko artistek Morandiren pinturan izan zuten paper garrantzitsuaren adierazgarri da hori. Areto honetan, bere bilduma pertsonaleko artelanen hautaketa bat dago ikusgai.

Espazioa eta materia: Chardin eta Morandi

Antzinako Maisuen artean, Morandik aho betean gurtu eta goraipatu zuen Jean- Baptiste Siméon Chardin genero-margolari frantsesa. Argitalpenen bidez Chardini buruz egin zituen lehenengo ikerketetan, baliteke Morandik Henri des Pruraux arte kritikariak 1911n La Voce abangoardiako aldizkarian argitaratu zuen artikulua irakurri izana; bertan esaten zen Chardinek autoerreferentziako natura hil modernoa asmatu zuela. Garai hartan, 1932an, Valori Plastici aldizkariak André de Ridder-ek idatzitako Chardini buruzko irudiz betetako monografia bat argitaratu eta Italian zabaldu zuen. Morandik liburu hartako erreprodukzioak zintzilikatu zituen estudioko hormetan, etengabe begi bistan izateko, adibide gisa. Irudi haiei esker, artistak aukera izan zuen Chardinen prozesu artistikoaren inguruan ikasteko. Maisu frantsesak sailka lan egin zuen aldaera desberdinekin, eta bereak ziren objektuak birziklatzen zituen artelanetan. Morandik ere estrategia hori bereganatu zuen, behin eta berriro itzuliz pitxer, kaiku, botila eta kaxa berberetara, horien antolaeran aldaketa sotilak eginez. Hala, Morandiren ibilbide osoan zehar hedatu zen Chardinen oihartzuna. Edouard Roditi kritikariak 1960an egin zion elkarrizketan, “natura hilen pintorerik handientzat” deskribatu zuen artistak maisu frantziarra, ez baitzen “sekula egon trompe-l’oeil edo begi-amarruen efektuen menpe. Aitzitik, bere pigmentu, forma, eta espazioarekiko eta matièrearekiko zuen senarekin, frantses kritikariek dioten moduan, berari pertsonalki interesatzen zitzaion mundu bat iradokitzea lortu zuen”. Chardinengan, benetan pareko zuen norbait aurkitu zuen Morandik, kezka berdinekin: pinturari berari genero espezifiko batetik —natura hila— heldu zion lehen artista, haren potentzial osoa ulertzeko helburuarekin.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean